Introduction to AWS EC2


AWS (Amazon Web Services) Hodei zerbitzuen eskaintzan liderrak dira. Gure ikasleek probatzea gustatuko litzaiguke, Hodeia IT profesionalaren oraina eta etorkizun hurbila delako. Ez dugu pausoz pausoko tutorial bat egin nahi, horrelako asko dagoelako, baina gure ikasleei nondik hasteko pista batzuk eman nahi dizkiegu.
Hitz gutxitan, AWS tarifa batengatik edozeini bere konputagailu zerbitzariak alokatzen dituen Hodei zerbitzuen hornitzailea da. Zerbitzu-karta oso zabala eskaintzen du, konputagailu batekin egin daitekeen edozer gauza. Adibide arruntena beraien zerbitzarietan makina birtualak martxan jartzea da. Konputagailu bat erosi ordez, esan dezagun, webgune bat argitaratzeko, EC2 (Elastic Compute Cloud) zerbitzuan makina birtual bat "jaurti" dezakegu (launch) eta bertan webgunea jarri. Hau ez da daukagun aukera bakarra (hosting zerbitzu bat erabili nezakeen horretarako), baina ongi azaltzen du ideia: edozertarako nire konputagailuak erabili ordez, Amazonenak erabiliko ditut. Sarrera labur baterako Simplilearnen bideoa oso ongi dago.


Jarraitu baino lehen, beste Hodei zerbitzu batzuetan gauza berdina (VM bat martxan jartzea) egin genezake: Microsoft Azure, Google Cloud Platform, Alibaba Cloud, etab. Ez pentsa hala ere askoz gehiago daudenik, Hodei zerbitzuak hornitzen lehiakorra izateko konputagailu alimaleko kopurua behar delako, baita azpiegitura itzela ere.

AWSn doako kontua erraz ireki dezakezu, baina alde txarra ordainketa-metodoa eman behar dela. Doako zerbitzu ugari daude (free tier deitzen diote), baina badaezpada ere ordaintzeko zerbitzu bat nahi gabe erabiliko bazenu, haiek kobratzeko modu bat eduki nahi dute. Honek gure ikasleak beldurtu eta atzera botatzen ditu maiz. Horietako bat bazara, eskatu laguntza zure irakasleei.

Behin kontu bat daukazunean, ikasketa kurba oso pikoa da. Zerbitzu ugari dago eta haien konplexutasuna aldakorra da. Ez da zaila VM bat martxan jartzea, baina Ikasketa Automatikoko eredu bat entrenatu nahi baduzu, gauza pittin bat konplikatzen da. Edozein kasutan, denontzako lekua dago AWSn.

[Oin-ohar bezala, sei bat Hodei hornitzaile probatu ditugu eta sentsazioa da AWS dela ikasle eta antzerakoei errazen jartzen diena. Hau guztiz subjektiboa da eta esan beharra dago beste Hodei hornitzaileak ere mundialak direla.]

Hara ba, blogaren beste sarrera batzuetan bezala, ariketa erraz pare bat proposatuko dizuegu pixka bat ikasi eta beldurra galtzeko Hodeiari. Hodeiaren munduan serio murgildu nahi baduzu, AWS Cloud Practitioner Essentials ikastaroa egin dezakezu, baina 20 ordu irauten du. Zoritxarrez, gure ikasle gehienek ez dute denbora gehiegi, beraz, motzagoa (ordubete inguru) den AWS Foundations ikastaroa egin dezakezu. Amazon kontu batekin nahikoa da horretarako eta osaketa-zertifikatua emango dizute amaieran. Zure lagunei harro erakutsi diezaiekezu eta zure irakasleei ere bidali. Informazio gehiago ondorengo estekan:


Behin oinarriak ikasten dituzunean, EC2 instantzia bat jaurti dezakezu (Makina Birtual bat). AWS Management Console delakoan pausoz pauso sortu dezakezu edo irakasleek eskainitako AMI irudia erabil dezakezu (Amazon Machine Image). Neurrira egindako AMIak zure instantziak antolatzeko modu bikaina dira. VM jakin baten nolabaiteko "argazki izoztua" dira eta aukera ematen dizute besteekin partekatzeko edo zure instantzia orijinalaren kopia ugari martxan jartzeko. Adibidez, guk Ubuntu AMI bat sortu dugu flask-en oinarritutako Python web aplikazio batekin, beste Windows AMI bat besterik gabe Mozilla Firefox instalatuta duena eta hirugarren AMI bat Windows, LabVIEW 2020 eta Mqtt.fx instalatuta duena. Orain klik gutxitan horietako edozeinen kopia martxan jarri dezakegu.


Behin instantzia sortzean, konektatu zaitezke "Connect" botoia sakatu eta argibideak jarraituz. Sistema eragilearen arabera ezberdin konektatuko zara. Adibidez, Windows instantzia batera konektatzeko RDP erabili behar da.


Ondoren ikusiko duzun erantzuna, pasahitza deskodetzeko gako parea erabili eta gero, ondorengo irudian ikus dezakezun leihoa litzateke:


Saia zaitez Linux eta Windows instantziak sortzen, egin gauzaren bat horietan eta partekatu itzazu emaitzak zure lagunekin eta irakasleekin. Oso ongi sentituko zara!

Amaieran, gogoratu zaitez instantziak gelditu ala ezabatzeaz, zure kreditu-txartelean gasturik ez izateko!

Thanks to Forrest Brazeal https://medium.com/@forrestbrazeal