Industria Informatikako Dominak. Zertarako dira?

 

Nire dominak eGelan

Gure irakasgaian dominak eta puntu extrak izaten ditugu ikasleen lorpen batzuetarako. Batzuetan ikasleek gladetzen digute: "zertarako balio dute dominek?". Hemen azalduko dizuegu argi eta garbi. Aurrera!

Dominak (Badges ingelesez) gure irakasgaian kasu ezberdinetarako erabiltzen ditugu. Adibidez, azterketa praktikoetan nota maximoa lortzen duten ikasleek domina bat lortzen dute. Bere kalifikazioan ez du eraginik (jada nota maximoa lortu dute atal horretan), baina harrotasunerako arrazoia da! Hori da bere helburu nagusia: ikasleengan emozio positiboak sortzea ikasleta prozesuan zehar.

 

Rafmarham, CC BY-SA 4.0 <https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0>, via Wikimedia Commons

Domina hauen inspirazioa scouts taldeetan dago: lorpen bat betetzerakoan, motxilan josten edo itsasten den iruditxo bat lortzen da. Scout-ak motxilan harro erakutsi ditzake bere lorpenak. Gure kasuan, dominak digitalak dira (Digital Badges), baina antzera funtzionatzen dute. Adibidez, gure ikasleek, eGelan (UPV/EHUko LMS plataforma) sartzerakoan bere dominak ikusiko dituzte, arrakastaren gogorarazle.

Baina, zertarako gehiago balio dute? Domina digitalek lorpenari buruzko informazioa txertatuta duten irudiak dira, hau da, irudiaren fitxategian bertan informazio extra hori barneratuta dago. Antzerakoa gertatzen zaigu LabVIEWko snippet irudiekin, VI bat "berreraikitzeko" informazioa duten irudiak. Dominen kasuan, edozeinek konprobatu dezake domina hori autentikoa dela. Hori jakinda, orain badakizue ikastaro bateko zertifikatuaren balio berbera aitortzen zaiola.

Irudi honetan domina batetik abiatuta automatikoki sortutako zertifikatu bat ikus dezakegu, dominak baino, zertifikatuak nahiago badituzu.
 

Domina bat Curriculum Vitae batean, gure sare sozialetan, web orri batean edo email batean txertatu dezakegu irudi bezala, eta horrela gure marka pertsonala aberastu. Gure ikasle onenek, adibidez, LabVIEW programatzen dakitela idazteaz gain, bere LabVIEW dominak erakutsi ditzakete.

Azalpena borobiltzeko, motxila digitala (digital backpack) aipatzea falta zaigu. Badago Badgr izeneko zerbitzu bat iturburu ezberdinetatik lortzen ditugun dominak homologatu, elkartu eta "motxila" batean josteko aukera ematen diguna. Badgr ez dugu behar gure dominak erabiltzeko, baina plataforma honek gure dominak balioztatzen ditu eta hori interesgarria izan daiteke, ikusiko dugun bezala.

Ideia modu praktikoan azaltzeko, irakasgaian irabazitako domina bat jaitsiko dugu, Badgr-era igo eta gure emailaren sinaduran nola sartu dezakegun azalduko dugu. Amaieran, erronka bezala, zuk berdina egitera gonbidatuko zaitugu.

Domina jaitsi

eGelan sartu eta irakasgaian klik egitean, zure dominak ikusiko dituzu tresna-barran. Horietako batean klik egitean, jaisteko aukera eskaintzen du. Proba hau egiteko, itsusia bada ere, neure buruari ikasle onenaren saria eman diot.

Domina baten xehetasunak eGelan. Ikusi "Jaitsi" botoia.

 Domina Badgr-era igo

Jaitsitako irudia Badgr-era igotzeko, lehenik eta behin Badgr-en kontua ireki behar dugu, adibidez, gure Gmail kontua (OAuth) erabiliz.

[Eguneraketa 2022/01/24] Zure UPV/EHUko emaila gehitu behar duzu kontuan eGelako domina onartu dezan, email horren jabeari eman zaiolako domina. Nahi dituzun email helbide guztiak gehitu ditzakezu (pertsonala, enpresakoa, unibertsitatekoa...), baina denak zeureak izan behar dira.

Ondoren, "Add badge" botoia sakatu eta eGelatik jaitsi dugun irudia igo ahalko dugu:

Domina berri bat gehitzen Badgr-en

Badgr-etik esteka publikoa lortu

Behin domina igota, lehenago ikusi dugun moduko zertifikatu bat lor dezakegu (QR kodea duena) eta beste aukera ugari ditugu (Sare sozialetan partekatu, esteka lortu...). Guk esteka publikoa lortuko dugu, sinaduran erabiltzeko.

Aukera ugariren artean, View Public Page aukera da ohikoena

Gmaileko sinadura aldatu

Orain, gure Gmaileko sinaduran domina sartuko dugu. Esan beharra dago UPV/EHUko email sinadura aldatzen saiatu garela, baina irudia handiegia  dela iruditzen zaio. Moduren bat aurkitzen badugu, eguneratuko dugu atal hau.

Gmaileko ezarpenetan saru behar da eta sinaduraren atalean berri bat sortu. Irudia igo eta esteka publikoa jarri, nahi duzun testuarekin.

...eta probatu

Azkenik, sinadura horrekin probako email bat bidali dugu eta honela geratzen da:

Honela geratzen da jasotako emaila.

Erronka!

Orain erronka bat daukagu zuretzat (erronka, challenge, desapiyua... nahi duzun bezala deitu): Dagoeneko domina bat badaukazu, gure proposamena da tutorial honetako pausoak jarraitzea eta guri email bat bidaltzea zure sinadura aldatuta ez bada, besterik gabe, zure dominaren estekarekin. Asko eskertuko dugu egiten baduzu! Agian domina bat emango dizugu horregatik...

Gure ikaslea bazara eta ez baduzu dominarik, eGelan adibidezko domina bat lortzeko esteka aurkituko duzu. Eta gure ikaslea ez bazara, baina jarraitzen bagaituzu, Badgr-ek badu probarako domina bat. Bidaliguzu aitzol.ezeiza abildua ehu.eus helbidera eta pozik erantzungo dizugu!