LabVIEW gure hizkuntza gogokoenetakoa da eta AWS gure hodei plataforma kuttunena. Ondo legoke biak batera erabiltzea, ezta? Toolkit bat dago horretarako, beraz, saia gaitezen erabiltzen.
Erraza izango da agian AWS zerbitzuen APIekin zuzenean komunikatzea, baina mundiala da lan hori eginda izatea tookit formatuan. Bere izena LabVIEW Cloud Toolkit for AWS by NI da eta VIPM repositoriotik deskargatu dezakezu. Lau zerbitzuren adibide sorta du, baina behe mailako funtzioekin beste zerbitzuak erabiltzea posible izan beharko luke.
Aurreko blog sarreretan bezala, ariketa batzuk proposatuko dizkizuegu toolkit honekin egiteko. Adibideak martxan jartzeko AWSrako sarrera programatikoa behar duzu. Ez baduzu zure Access Key eta zure Secret Access Key, eska iezaiozu bat irakasleari (gure ikasleetako bat bazara) edo sor ezazu doako kontu bat AWSn.
Goiko irudiko testu kontroletan formatua aldatu dugu "password" motara irudiaren kaptura egin baino lehen, baina konturatuko zinen horrek ez duela pribatutasunaren arazoa guztiz konpontzen, VIa horrela partekatuz gero ezaugarri hori aldatu ahalko litzatekeelako. Horri buruz pittin bat aurrerago hitz egingo dugu.
Beraz, zein da gure lehenengo erronka zuretzako? Besterik gabe, jarri martxan adibideak zure Key-ak erabiliz eta ikusi badabiltzala. Zuzenean LabVIEW erabili dezakezu ongi doala ikusteko, baina AWS Management Console ere erabil dezakezu. Oso erraza da bucket bat (karpeta moduko zerbait) sortzea S3 zerbitzuan eta bertara fitxategiak igotzea. Ez da konplikatua SQS ilara bat sortzea (postontzi moduko zerbait) eta bera erabiliz mezuak bidali eta jasotzea. Nahiko erraza da ere email automatikoak bidaltzea SNS zerbitzua erabiliz (mesedez, ez bidali SMSak, baita ere egin daitekeela, SMS bakoitzarengatik kobratzen digutelako). Azkenik, zail xamarra edo ezinezkoa da IoT zerbitzua probatzea, horretarako AWS IoT Button izeneko benetako IoT gailu bat behar delako.
Besterik gabe, ideia egiteko, begirada bat emaiezu adibideen bloke diagramei, horiek aldatzea zein erraza izan daitekeen ikusteko. Hurrengo irudian horietako bat duzu.
Lehenago aipatu dugun bezala, zaila da zure sekretuak gordetzea LabVIEWen. Zure ideiak lankideekin partekatu nahi badituzu eta zure VIak Keyak gordeta bidaltzen baduzu ("Make Current Value Default" egin beharko zenuke bidaltzean ez galtzeko), VIa eskuratzen duen edonork zure key horiek erabili ahalko lituzke programatikoki beste edozein AWS zerbitzuan sartzeko. Hori hain arriskutsua da, ekidin egin beharko zenukeela guztiz. Key horiek hutsik partekatzen badituzu, zure lankideek bere keyak sartu beharko dituzte erabili behar diren toki guztietan, eta hori deserosoa da. Kontrol jakin horiek konstante bihurtu zenitzake eta VIa aplikazio bihurtu bidali baino lehen, baina orduan zure lankideek ezingo lukete zure lan handia apreziatu. Ba al dago modu egokirik?
Beno, ez dago gehiegi egin dezakegunik sekretuak VI barnean babesteko, baina babaestu beharrekoak kanpoan baditugu, agian babestu dezakegu informazio hori nolabait. Testu fitxategi batean jarri ditzakegu eta behar ditugunean irakurri, adibidez, eta gero zure lankideei azaldu zein formatutan jarri behar dituzten beraien gakoak bertan. Hori egiten duen subVI bat sortu dugu, zure adibideetan nahi baduzu jar dezazun.
Ikus dezagun subVI horren bloke diagrama hurrengo irudian. Irudia, gainera, snippet bat da eta, beraz, VI huts batera arrastaka eramaten baduzu, funtzionatuko du.
credentials.txt fitxategiak honako itxura izan beharko luke:
AKIxxxxxxxxxxxMD;j2xxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxd9
hau da,
zure access Key;zure secret Access key
Eta lixto! Egurra! Ondo pasa zure adibideak garatzen LabVIEW eta AWS erabiliz.